GURE PLATERAK KONTZIENTZIAZ ELIKATZEN DITUZTEN GANADUTEGI EKOLOGIKO TXIKIEKIN LAN EGITEN DUGU

Modu ekologikoan lan egiten duten tokiko baserri txikiak dira, eta urte osoan hornituko dizkiguten produktuen egutegia prestatzen dugu haiekin. Oraingoan gurekin lan egiten duten ekoizle horietako bat ezagutu nahi dugu: Aitor Aranburu, Olaberriko Etxeberri Goikoa baserrikoa. Ekoizpen ekologikoko ganadutegia du, larreratzean oinarritzen dena. Etxaldean 10 behi elikatzen eta zaintzen dituzte, eta horien esnea 7 gazta barietate egiteko erabiltzen dute.

Nekazaritza ekologikoko ziurtagiria duen baserri horretan lan egiten duten lau pertsonetako bat da Aranburu; lagun eta aliatu handia, gure platerak kontzientziaz elikatzen laguntzen diguna. Haren lanaz hitz egin dugu harekin.

12-13 hektarea eskaseko baserri bat gara; 5,5 hektarea larreak dira, 3,5 hektarea baso-abeltzaintzarako basoa dira eta gainerakoa baso-lursaila da. Beste 4 hektarea larre ere alokatzen ditugu. Hazi eta saltzeko 10 behi ditugu; eta haien esnearekin 7 gazta mota egiten ditugu: erdiondua, ondua, laktikoa, pasta bigunekoa, urdina, gazta-krema eta gaztanbera”, adierazi du. Altzoko eta Anoetako beste bi baserrirekin batera Behieko esneki-marka eratu dute (gaztak, jogurtak eta esnea).

Etxeberri Goikoa baserriko behiek animalia-ongizateaz gozatzen dute: mugitzeko espazioa dute, erosotasun termikoa, osasun ona eta elikadura ekologikoa, tokiko nekazarien zerealetan oinarritua. “Ondo zaindutako behiak dira, beti hurbileko nekazariei, batik bat Nafarroako eta Arabako nekazariei, erosten diegun zereal ekologikoekin elikatuak”, eman du aditzera Aranburuk.

Tranparik gabeko haragia, % 100 benetakoa

Azaldu duenez, zaintza horrek bi onura dakartza: “batetik, produktu osasuntsua da, zaporea duena ezaugarri, eta, abelburuek izandako elikaduragatik eta bizitzagatik, % 100 benetakoa, tranparik gabea; eta, bestetik, biodibertsitate hori gizarte guztiarentzat onuragarria da”.

Urte hasieran, FedePacha&Co haiekin eta Goierriko beste 5 ganadutegi ekologikorekin biltzen da, eta egutegi bat ezartzen dugu, hilero behi bat zeinek hornituko digun zehazteko. Txuletak, xerrak, zankarra, saiheskia… Haragia! Benetako haragia!

Etxeberri Goikoa, gainera, baserri jasangarria da: hondakinekin konposta egin, eta bere larreetan erabiltzen du; eguzki-plakei esker, energia berriztagarria erabiltzen du; eta, gainera, ekonomia zirkularraren aldeko apustua egiten du, bere produktuen beirazko ontziak berrerabiltzen baititu. Eta gu guztiz bat gatoz filosofia horrekin!

Gainera baserriko zuzeneko salmentaz gain, etxez etxerako bidalketak egiten dituzte, azoketan parte hartzen dute eta bisita gidatuak eta gazta-dastaketak antolatzen dituzte.

Aranburuk aditzera ematen duenez, gizarteak, oro har, klima-aldaketaren gaineko gero eta kezka handiagoa duen arren, propaganda-mezuetan beti diskurtso ekologiko bera erabiltzen da, “eta oso zaila da produkzio ekologikoko sistemak bereiztea eta sistema horiek bereizteko irizpidea izatea. Beste galaxia bateko kontua ematen du”.

Mundu honetan bizi gara gu, eta, horregatik, babesten ditugu eta ikusarazi nahi ditugu tokiko jardunbide on eta txiki horiek, hau da, bizileku izan nahi dugun benetako mundu natural hori eraikitzearen alde lan egiten duten jardunbide horiek.

PARTEKATU

Menu