KARABELEKO nekazaritza ekologikoko etxalde esperimental bat da, helburu terapeutikoa duena eta etxe ondoan dagoena. Gure lankide hurbilenetako bat da, astero hornitzen baitizkigu barazki ekologikorik onenak; hartara, elikagaiak aurrez ikus eta uki ditzakegu eta aldez aurretik jakin dezakegu zer produktu iritsiko den gure sukaldera. Oraingoan, zer egiten duten hobetoxeago ezagutu nahi izan dugu, eta, horretarako, arduradunetako batekin hitz egin dugu: Amaia Odriozolarekin.
Karabeleko 2014an sortu zen, Agifes elkarteak (Buru Osasun Arazoa duten Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako Elkartea), Blasenea mintegi ekologikoak eta Kimu Bat elkarteak (paisajismoan eta lorezaintzan diharduen elkartea) bat egitearen ondorioz. 2020. urteaz geroztik, buru-osasuneko arazoak dituzten pertsonen gizarteratzea eta lan-munduratzea sustatzen duen Enplegu Zentro Bereziaren sailkapena du.
Zalantzarik gabe, gure babesa merezi duen ahalegina zabala da: lan ekologikoa eta tokikoa, xede soziala duena. Amaiak su handiz kontatu digu etxaldeak zer bilakaera izan duen urteotan; “2015ean 10.000 m² lantzetik, 2021ean 72.000 m² lantzera pasa gara. 3 langile izatetik 12 izatera. 10.000 kiloko barazki ekoiztetik 50.000 kilo ekoiztera”.
Enplegu Zentro Berezia den aldetik, Karabeleko zentroaren langileen % 70ek desgaitasuna dute, eta zentroak langile horiei lanpostuan sartzen laguntzen dien laguntza-unitate bat du, talde multiprofesional batez osatua.
Pertsona horien guztien lanari esker, astero gutxi gorabehera 250 familiak, jatetxek, jantokik edo gurearen moduko proiektuk barazki ekologikoen saskiak jasotzen dituzte: “etxez etxe banatzen dira, edo finkan bertan jasotzen dira, edo 12 bilketa-puntuetako batean” adierazi du Amaiak.
0 kilometro literala
Ezin hurbilago. Karabeleko etxaldea Hernanin dago, Diámetro200 gure Slow Food kafetegitik urrats gutxira —bertan Oronako langileak tokiko eta denboraldiko produktu ekologikoekin elikatzen ditugu—.Amaia Odriozolak adierazi duenez, Karabelekok “kalitatea, produktu freskoa eta ekologikoa; 0 kilometro literala” eskaintzen dio FedePacha &Co-ri.
Gainera, Fede Pachak proiektuari emandako baldintzarik gabeko babesa nabarmendu du: “Elkarri laguntzen diogu, baina, egia esan, Fedek hasiera-hasieratik sinetsi zuen gugan”.
Baratzea lantzeaz gain, Karalabekok prestakuntza- eta sentsibilizazio-lan handia ere egiten du, eta ikastetxeek, sukaldaritza-eskolek, enpresek eta abar bisita dezakete etxaldea.
Prestakuntzak eta kanpainak egiten ditu, eta zenbait ekimen garatzen ditu, hala nola materia organikoen zikloa ixteko eta hiri-hondakinen sorrera saihesteko proiektua —nekazaritza ekologikorako konpost motak ezaugarritzen ditu— edo baratzea eta sukaldea berritzeko proiektua.
Lan handia egiten du produktu ekologikoaren alde, eta horrek FedePacha &Co.-ren babes osoa duen xede soziala du. Guk elikagai freskoak, jasangarriak eta tokikoak bilatzen ditugu, plater berean zaporea eta zintzotasuna uztartzeko aukera emango digutenak, eta Karabelek elikagai horiek hornitzen dizkigu.