3 arrazoi oso etiko ditugu bertako produktuak defendatzeko

Gure inguruko janarien aldeztaile sutsuak gara, eta ez ongi jatea gogoko dugulako bakarrik. Funtsezko hiru arrazoi ditugu, eta janari etikoaren gure altxamenduarekin bat egitera bultzatuko zaituzte. Janari goxoak jan nahi ditugu, baina jaten duguna jasangarria, osasuntsua eta gizartearekin eta gure ekoizleekin bidezkoa izatea ere nahi dugu. Gorputzerako ona dena, planetarako ere ona da. FEDE PACHA&Co-k hitz ematen dizu.

Gure proiektua, hain zuzen ere, gure inguruko ekoizle txikiek, gure aliatuek, hornitzen dizkiguten bertako janarietan oinarritzen da. Eta zergatik aldezten ditugu hainbesteko grinaz? Hemen dituzue gure arrazoiak:

1.- Bertako janariak kontsumitzen baditugu, gure baserritarrei eta ekonomia zirkularrari lagunduko diegu

Dena etxean geratzen da. Haiek, baserritarrek, baratzeak, baserriak, ganadua… dauzkate, guk benetako janariak prestatzeko gogoa eta gure jankideek eta gonbidatuek, berriz, bertako zapore errealak dastatzeko nahia. Guztion artean, bertako janariak kontsumituz, inguruko ekonomiari laguntzen diogu eta zirkulua ixten dugu.

Hurbiletik dagokigunean berriz inbertitzeko modua da: ekoizpenetik hasi eta eraldatu eta kontsumitu arte. Eta era horretara, ekoizle txikiek janariak modu tradizionalean ekoizten jarraitu dezakete, naturako zikloak errespetatuz eta bertako barietateak bizirik mantenduz.

2.- Garaian garaiko bertako janariek zapore eta testura hobea dute

Bertako janariak kontsumitzen ditugunean, euren garaira egokituta dauden, testurari, usainari eta zaporeari dagokienez, puntu-puntuan dauden produktuak jaten ari gara zuzenean.
Euren landareetan helduta dauden tomateek, piperrek, sagarrek, kalabazinek… duten zaporea ezin dute izan heldugabe biltzen diren eta saltzeko lekura iritsi arte hozkailuetan heltzen joaten diren barazki eta frutek.
Garaian garaiko janariak jatea merkeagoa ere bada: ekoizpena oparoagoa da, eskaintza handiagoa eta prezioa, beraz, hobea. Garestia, esate baterako, gereziak abenduan jatea edo mandarinak udan jatea da.

3.- Bertakoa kontsumitzea jasangarriagoa da, eta karbono-arrastoa murrizteko modua

Bertako ekoizpena xumeagoa, tradizionalagoa eta naturalagoa da, ez da gehigarri kimiko kaltegarririk, ez pestizidarik erabiltzen. Hori ona da guretzat eta ingurumenarentzat; izan ere, atmosferara CO2 gutxiago isurtzea ere esan nahi du horrek.

Eta, gainera, bilgarriak ere gutxitu egiten dira. Ekoizle txikien elikagaiak ez dira etortzen, supermerkatuetakoak bezala, milaka erretilutan eta plastikotan bilduta. Guk ihes egiten diogu erabili eta botatze horri.

Eta dena aprobetxatzen da, janari gutxiago galtzen da alferrik: fruta edo barazki dotoreak adina maite ditugu itsusiak, haiek bezain goxoak baitira. Ekoizpen handietan pieza ugari galtzen dira alferrik itxurarengatik bakarrik.

Distantzia luzeko garraioak eta hondakinak murriztean, murriztu egiten dira karbono-arrastoa eta berotegi efektuko gasak ere.

Azkenean…. horrek guztiak platerean, aldi berean, zaporea eta zintzotasuna lortzeko filosofia hori berrestera garamatza. Zuri ere piztu al zaizu janari etikoaren gure altxamenduarekin bat egiteko gogoa?

PARTEKATU

Menu