ba al dakizu zergatik dakigun sasoiko zer produktu sartuko den egunero gure sukaldean?

Ezin dugu sasoiko elikagairik gabe bizi, ezta elikagai horiek hornitzen dizkigutenik gabe ere, hau da, ezin dugu beren baratzetako produkturik onenak hornitzen dizkiguten ekoizle txikirik gabe bizi. Haiekin hitz egiten dugu, eta elkarrekin egiten dugu sasoi bakoitzean landatuko dituzten eta gure jatetxean sartuko diren produktuen egutegia. Eta hitz egiten jarraitzen dugu…

Horrexek bereizten gaitu, gure aliatuekiko hurbiltasunak eta etengabeko lankidetzak, eta elkarlan horri esker dakigu astero zer produktu jasoko dugun, jakirik osasungarrienak eta gozoenak prestatzeko. 

Bi egunean behin hornitzen gaituzte beren baratzeetako sasoiko elikagairik onenez. Eta elikagai horiek kemen handiz defendatzen ditugu, kalitate bikainekoak baitira, zapore, usain eta testura apartakoak…

Izan ere, heltze-puntu ezin hobean biltzen dira eta ibilbide laburra egiten dute biltzen direnetik gure sukaldean sartzen diren arte. Izatez, goiz edo gau horretan bertan oraindik landarean zeuden elikagaiak iristen dira gure jatetxera. Nola ez dute, bada, zapore on-ona izango!

Ez dute ganberarik behar, eta landarean bertan heltzen dira. Baliteke kanpotik barazkirik eta frutarik perfektuenak ez izatea, baina ziurtatzen dizugu kalitaterik handienekoak direla. 

Udako frutak, barazkiak eta arrainak, zaporez bete-beteak

Uda da Fede Pacha & Co-rentzat sasoirik zirraragarriena. Baratzeak zaporez eta kolorez betetako elikagai mamitsuen eztanda eskaintzen du: piperrak, piperminak, kalabazinak, berenjenak, tomateak, potxak, mertxikak, nektarinak, meloia, sandia…

Eta itsasotik datozkigu iparraldeko ur hotzak utzi, eta, errutera bidean, gure kostaldea zeharkatzen duten arrain migratzaileak, koipez eta zaporez beteak: berdela, txitxarroa, sardinak, hegaluzea…

Bidezko prezioa 

Harro gaude tokiko ekoizleei beren ahaleginagatik bidezko prezioa ordaintzeaz, eta, bide batez, modu tradizionalean eta naturaren zikloak errespetatuz ekoizten jarrai dezaten bultzatzeaz. Izan ere, inguruko ekonomiari laguntzeko eta bertako tradizioak eta barietateak bizirik mantentzeko gure modua da.

Karbono-aztarna gutxiago 

Sasoiko elikagaiak kontsumitzea da planetarentzat onuragarriena, karbono-aztarna murrizten laguntzen dugun heinean. Joan-etorri luzeak saihesten ditugu, eta, hartara, atmosferara isurtzen den CO2-a murrizten da. Fede Pacha & Co-n gure etxetik, Hernanitik (Gipuzkoa), gehienez 200 km-ra ekoizten edo hazten diren produktuak erabiltzen ditugu.

Gorputzarentzat ona dena planetarentzat ona baita. Guk pasioa eta artea jartzen dugu gure jakiak osasungarriak, jasangarriak, bidezkoak eta zintzoak izan daitezen, eta, jakina, zaporez beteak!

PARTEKATU

Menu