BAI gure baserri eta abeltegietan ditugun km 0 janariei, BAI gorputza eta kontzientzia elikatzeari, BAI gure aliatuei, gure proiektuari zentzua ematen dioten bertako ekoizle txikiei… Hainbeste dugu esateko! Ongi jatearen manifestu osoa da, eta zuk pixkanaka ezagutzea nahi dugu.
FEDE PACHA&Co arrazoi askorengatik da km 0 janarien defendatzaile sutsua, baina gaur arrazoi horietako bati buruz, nagusienetako bati buruz, hitz egin nahi dizugu: bertako ekoizle txikiei laguntzea. Guretzat ez da asmo-adierazpena bakarrik: gure filosofiaren eta gure eguneroko jardunaren parte dira!
Gure inguruko 200 bat laguntzailerekin lan egiten dugu, eta euren baratze eta baserrietan dituzten produkturik onenak ematen dizkigute. Gure proiektuaren zutarria dira, eta, batez ere, gure lagunak eta aliatuak dira.
Txahal eta behi haragia, hestebeteak, oilaskoa, arrautzak, barazkiak, frutak, ogia, gaztak, sagardoa, esnea, jogurtak, pastak, galletak… hornitzen dizkigute, eta guztiek ematen digute plater goxo eta zintzoak sortzeko behar dugun kalitatea.
Zergatik erosiko ditugu, bada, bildu ondoren hozkailuetan heldu diren tomateak, baldin eta hementxe bertan, helduta, zapore-punturik onenean, bildu baditzakegu? Guk argi daukagu, ahal dugun guztietan egiten dugu km 0 janarien aldeko apustua.
Guk erabiltzen ditugun janarien % 90 dira km 0
Esan dezakegu gure sukaldetik igarotzen diren janarien % 90 Hernanitik (Gipuzkoa), gauden lekutik, gehienez ere 200 km-ra sortu, hazi edo ekoitzi direla. Eta horietatik % 25 inguru nekazaritza ekologikotik datoz.
Lagunei erositako janariarekin elikatzen ditugu lagunak, laguntzat baititugu bai hornitzaileak bai jankideak. Eta horientzat onena nahi izaten dugu beti, anfitrioi onaren gisa. Ongi jatea gogoko dugu!
Guretzat onena gure erroetan dago, eta bertakoa, freskoa, garaian garaikoa eta, ahal dela, ekologikoa da.
Baina ezin da beti horrela izan
Baina izan gaitezen errealistak, ezin da beti horrela izan. Gure inguruan ez bada arrozik, garbantzurik edo kaferik ekoizten, bada, kanpoan, lurralde nazionalean, erosiko dugu. Hori bai, gure hornitzaileek gure filosofiara doituko diren parametro batzuk bete behar dituzte: tokiko ekoizle txikiak izatea edo nekazaritza ekologikoan edo bidezko merkataritzan aritzea.
Adibide batzuk: Guadalajaratik datozen dilista eta garbantzu ekologikoak prestatzen ditugu, edo Guadianako ekoizle txikien kooperatiba bateko arroz ekologikoa. Janari on-ona!
Kalitatezko zaporea duten janari freskoak, benetakoak, jasangarriak… nahi izaten ditugu. Azken batean, plater berean zaporea eta zintzotasuna bateratzeko inspiratuko gaituzten janariak.